domingo, 28 de julio de 2013

NOS TRASLADAMOS


Ha llegado el momento. Como habíamos anunciado, esta página deja de actualizarse a partir de este momento y trasladamos todos nuestros contenidos a www.gipuzkoasport.com
Esperamos que de ahora en adelante nos sigáis visitando en nuestra nueva web. Eskerrik asko.

Os dejamos un vídeo de presentación del nuevo proyecto para ir abriendo boca... 

martes, 28 de agosto de 2012

Reala 2-1 Celta
MEREZITAKO HIRU PUNTU

Aurpegia arimaren ispilua omen da. Nahikoa da partida amaierako irudi bat atzo Anoetan ikusi zena laburtzeko. Griezmannek txikituta amaitu zuen partida, karranpekin, azkeneko jokaldiko esfortzuagatik. Bi taldekidek lagundu zioten aldageletara bidean, baina irribarrez zeuden hirurak. Sufritu, bai; baina gozatu. Anoetako estreinaldian, sasoiko lehenengo partida irabazi zuen Realak, Celtaren aurka. Partida ona jokatu zuten txuri-urdinek, batez ere erasoan, baina markagailua irauli behar izan zuten, lehenengo gola aurkariek sartu eta gero.

Badago itxaropenerako tartea. Taldeak baloia oinetan duenean gozatu egin daiteke. Kalitate handiko jokalariak ditu Realak zelai erditik aurrera, eta bere eguna dutenean aurkariak erotzeko gai dira. Griezmann izan zen horren erakusle garbiena. Aurre denboraldian egin bezala, euskarrian jokatu zuen, hegaletik urrun, eta sekulako erakustaldia eman zuen: abiadura, paseak erabakigarriak emateko gaitasuna, erremate onak... Bere oinetan hasi zen berdinketaren gola; baina ez jokaldi hura soilik, beste asko ere Maçonekoak sortu zituen, lotsagabe, beterano baten moduan. Eta, pentsa, frantziar gaztxetxoari Vela, Xabi Prieto, Agirretxe, Pardo eta Chory Castro bezalako jokalariak ondoan jartzen badizkiogu, palomitak hartu eta txalo egiteko ordua da. Gozatzeko une asko izango dituzte zaleek urte honetan.

Baina guztia ez da ederra. Bartzelonaren zelaian ikusi zen bezala, taldea oso ahula da defentsan. Atzo, Celtak ez zituen aukera asko izan, baina hurbiltzen ziren bakoitzean, arriskua zegoen.Gola defentsaren oparia izan zen, Iago Aspas eta Enrique De Lucas gelditzen ez zutelako asmatu. Baina aurretik beste aukera garbi bat izan zuten galiziarrek. Eskerrak Bravo erne zegoen baloia hankarekin ateratzeko. Lehen zatian Ansotegik txartel horia ikusi zuen Iago Aspas abiada bizian Bravorengana zihoanean, eta De la Bellak beste arriskuko jokaldi bat gelditu zuen baloia kornerrera bidaliz. Estrategia jokaldietan, behinik behin, ez zuten sufritu txuri-urdinek. Erasoaren eta defentsaren arteko oreka falta zaio taldeari. Oreka hori lortzen badu, sailkapenean gora begiratu dezake.

Bartzelonaren kontrako astinduaren ondoren, ondo ekin zion partidari talde txuri-urdinak, serio. Lehenengo minutuetatik baloiaren jabetzaren jabe egin ziren, eta hegaletatik min egiten hasi ziren. Hugo Mallok eta Roberto Lagok dezente sufritu zuten, azkenak, batez ere. Estrada erasoan behin eta berriz azaldu zen, eta Xabi Prietorekin batera zuten nagusitasunaz baliatu ziren erdiraketak bata bestearen atzetik jartzeko. Celtako atzelariek ahal zuten moduan urruntzen zuten baloia, baina baloiaren jabetza txuri-urdinena zen berriro. Hala, horrelako jokaldi baten ondoren, zutoinera bidali zuten baloia Agirretxek, aldaratzea Ansotegiri iritsi zitzaion eta zutoinera bidali zuen ere Berriatukoak. Baloi hori aurrelari batek hartu izan balu... Realak joko erauntsiarekin jarraitu zuen lehenengo zatian. Griezmann nahieran zebilen zelai erdian, gustura, eta Velak eta Prietok oso irekita jokatu zuten, marratik gertu. Prietoren erdiraketa bat sareetara bidali zuen Agirretxek, baina marrazainak baliogabe utzi zuen jokoz kanpo zegoelakoan; ez zegoen. Lehenengo 45 minutuak amaitu aurretik, Griezmannek ere zutoinera bidali zuen Velak jokaldi eder bat egin ondoren jarritako erdiraketa. Ez zegoen modurik. Gehiegi barkatzen ari zen Reala. Celtak Iago Aspasen eskutik izan zuen aukeraren bat, baina ezer gutxi egin zuen.

Bigarren zatia desberdin hasi zen. Paco Herreraren mutilak etxekoak baino esnatuago zelairatu ziren, iaz behin baino gehiagotan pasa zen bezala. Illarramendiri eta Markeli nekaturik antzematen zitzaien, eta mutrikuarrak gainera txartel horia zeukan. Ordurako Kron-Delhi Estrada erotzen hasi zen, zarauztarra defentsa lanetan behartuz. Iago Aspasek aukera ezinhobea izan zuen defentsako hutsegite larri baten ondoren, baina Bravok hankarekin urrundu zuen. Bigarrengoan ezin izan zuen ezer egin, baina. Aspasen beste jokaldi on bat eskuadratik errematatu zuen De Lucasek. Realak lehenengo zatian izandako aukera guztien ondoren, Celta zegoen aurretik. Harrigarria. Bost minutu iraun zuen ispilatzeak, Griezmannek, nork bestela, baloia zelai erdian hartu zuen, eskuin hegaletik gertu. Korrikaldia hasi zuen eta ez zuen Celtako inork gelditu, erdialdera egin zuen eta pase bikaina eman zion Agirretxeri. Usurbildarrak ezker oinarekin sartu zuen gola, baliozkoa oraingoan. 53. minutuan 1-1 zen partida.

Txuri-urdinentzat ez zen aski, baina. Montanierrek aldaketak egitea erabaki zuen. Illarramendik partida kaskarra jokatu zuen, eta Pardo jarri zuen bere ordez. Errioxarra oso bestelako aritu zen, baloia zuen bakoitzean ondo jokatuta, erasoan agertuz, eta defenditzeko ordua zenean baloiak lapurtuz. 60. minutuan etorri zen garaipenaren gola. Eskuin hegaletik enegarren erdiraketa jarri zuen Estradak. Lurrera botata baloia berreskuratu zuen Velak, bi jokalariri izkina egin zien, eta ahal zuen moduan erdiratu zuen. Celtako defentsak oso motel aritu ziren, eta Agirretxe azkarragoa izan zen. Hanka bi jokalariren artean sartu, eta bere bigarren gola sartu zuen. Oso ondo hasten ditu denboraldiak Agirretxek —iaz bi gol sartu zituen Molinonen lehenengo jardunaldian—, eta aurten ere horrela ekin dio, 82 minututan bi gol sartuta. Dinamita.

Azken ordu erdia ez zen erraza izan, Realaren gabezia eta indarguneen isla. Celtak arriskatu beharra zeukan, eta Montanierrek Elustondo zelairatu zuen zelai erdia indartzeko —aurretik Chory sartu zen zelaira. Baloia etxekoen areatik hurbil zegoenean, sufritu egiten zuten zaleek, baina berreskuratu eta kontraerasoak egitean gola gertu zegoen. Agirretxek —ordezkatua izan aurretik— hirugarrena hurbil izan zuen, baina Javi Varasek ondo gelditu zuen, eta Prietok, Castrok eta Griezmannek ere gola sartu eta partida erabakita uzteko aukerak izan zituzten.

Mallorcara lasaiago bidaiatuko du Realak. Celtaren aurka irabazi ondoren, ez dago puntuak pilatzeko premiarik. Celtaren aurka jokatzeak oroitzapen politak zekartzan gogora, baina Mallorcakoak ez ditu hain oroitzapen ederrak ekartzen. Kopako kanporaketa oso mingarria izan zen. Castrok bost urtez jokatu zuen han, eta ongi baino hobeto ezagutzen ditu orain gutxi arte bere taldekideak izandakoak. Gogotsu egongo da. Erasoko dinamita busti gabe jarraitu beharko du Realak Mallorcatik punturen batekin itzultzeko. Goiko jokalariak sasoiko badaude, gertu izango du, behintzat. Baina, atzelariek ere sendo ibili beharko dute horretarako. Hor dago, oraingoz, Realaren erronka, erasoaren eta defentsaren artean dagoen distantzia hori laburtzea.

 Jokalari onenak:

3 puntu. Antoine Griezmann: Lehen aldiz jokatu zuen euskarri gisa partida ofizial batean, eta bikain aritu zen. Bere dohainak hegalean baino gehiago erakutsi zituen.osizio horretan partida bat baino gehiago jokatuko du.

2 puntu. Imanol Agirretxe: Bi gol, baliogabetutako beste gol bat eta zutoinera bidalitako jaurtiketa bat. Ezin zaio gehiago eskatu “9” bati. Oso ondo hasten ditu denboraldiak.

Puntu 1. Carlos Vela: Oraindik ez dago sasoi betean, baina izugarrizko kalitatea du. Bigarren gola bere grinari esker lortu zen, eta hegaletik jokaldi politak egin zituen.



sábado, 25 de agosto de 2012

Reala - Celta
LEHENENGOAN EZ BADA, BIGARRENGOAN

Argazkia: mundodeportivo.com
Auto baten motorra bezala: arrankatu ezinik, kalatuta. Horrela hasi zuen denboraldia iragan igandean Realak Nou Campen. Autobusarekin zelairatu ziren txuri-urdinak, Bartzelonaren joko erauntsia oztopatu nahian, baina cule-en enbatak astindu itzela eman zien gipuzkoarrei. Autobusari gasolina botatzea ahaztu zitzaien jokalariei, eta bultzaka itzuli ziren Donostiaraino, gol sorta ederra jasota. Norabide berean arraun egiten pasa du aste osoak taldeak, Bartzelonako kolpea ahaztu eta autoa ondo jartzeko asmoarekin. Lehengoan ez da martxan jarri motorra, baina bigarrengoan burrunba ozen batekin estali nahi dituzte zaleen artean sortutako marmarrak.

Celta ez da Bartzelona. Behin eta berriro errepikatutako esaldia izan da. “Realaren liga” larunbat honetan hasten dela izan da beste esaldia. Andoaingo berdegunean ikusiko den Realak ez du zerikusirik izango aurreko igandekoarekin. Indar guztiak defentsa lanetan utzi zituen talde batetik, erasokor jokatuko duen beste batera itxura aldatuko da; gaua eta eguna. Bartzelonari baloiaren jabetza ezbaian jartzea ezinezkoa da, eta atzetik korri egin behar da; Celtarekin; aldiz, Realak eduki beharko luke baloiaren jabetza.

Zurutuzak eta Iñigo Martinezek min eginda jarraitzen dute. Erdilariak anemia dauka, eta bizpahiru aste itxaron beharko du guztiz osatu aurretik. Atzelaria, berriz, min hartuta itzuli zen Olinpiar Jokoetatik, bizkarrean arazo batzuk zituela. Astean zehar guztiz osatu gabe dagoela aitortu du, eta nahiago duela atseden hartu, goizegi arriskatzeagatik lesioa areagotu aurretik. Azken momentuan Elustondo ere arazo fisikoekin egon da, eta guztiz osatu gabe dagoen arren, deialdian sartu du Montanierrek. Dena den, normalena hasieratik ez jokatzea litzateke.

Gauzak hala, Pardo gazteak har lezake bere lekua. Ia ziurra da Markelek eta Illarramendik hasieratik jokatzea euskarri gisa. Elgoibartarrak Mutrikukoak baina atzerago jokatuko du. Zalantza g ehiago daude hirugarren euskarriarekin. Esan bezala, denboraldiko lehen minutuak edukitzea errioxar gazteak, baina ezin da baztertu Griezmann euskarri gisa ikusteko aukera. Aurre-denboraldian minutu onak jokatu ditu posizio horretan. Areara iristeko erraztasuna du, eta erdialdetik askatasunez mugitzen eroso nabari zaio. Orain arte uda aldrebesak izan ondoren, hilabete lasaiak bizi izan ditu frantziarrak eta sasoi betean ailegatu da lehen jardunaldietara. Beste aldetik, Ros deialditik at geratu da. Bartzelonaren aurka debuta egin ostean, Anoetan lehenengo minutuak jokatzeko aukera itxaron beharko du.

Errotazioak egitea gogoko duen arren, ez dirudi atzealdean aldaketarik egongo denik. Iaz dagoeneko aurre hartu zion Estradak Carlos Martinezi, eta denboraldi hasieran gauzek berdin jarraitzen dutela ikus daiteke, Lodosakoa bi aldiz geratu baita deialditik kanpo. Iñigo Martinezen min hartzeak Ansotegiri titular gisa jokatzeko aukera eman dio, eta osatu arte Mikel Gonzalezen bikotea bera izango dela dirudi. Ezker hegalean daude zalantza gehienak. De la Bella ez du guztiz atsegin Montanierrek, bistakoa da. Iaz Cadamurok minutu asko jokatu zituen, baina aurten Jose Angel etorri da. Bi aste inguru pasa dira Romak lagatako asturiar gaztea etorri zenetik, eta oraindik erritmoa hartzear dago. Horrek De la Bellaren alde egin du denboraldi hasieran. Bartzelonaren aurka titular izan zen kataluniarra, eta baliteke Celtaren aurka ere berak jokatzea. Hortaz, Jose Angelek beste jardunaldi bat itxaron beharko du. Astean zehar Anoetan debuta egiteko irrikan dagoela aitortu die kazetariei.

Erasoan zalantza gehiago daude. Azken urteetako talderik onena elkartu du zuzendaritzak. Xabi Prieto, Griezmann, Agirretxe eta Ifrani Chory Castro —Espainiar naziotasuna lortu berritan— eta Vela elkartu zaizkio. Montanierrek aukera ugari ditu, trebetasun desberdinak dituzten jokalariak. Batzuk azkarrak dira, besteek kalitate bikaina dute, eta badira jaurtitzaile peto-petoak. Aurrean dagoen taldearen arabera jokalari batzuek edo besteek jokatuko dute. Anoetan Agirretxek hasieratik jokatzeko aukera asko ditu, bera delako bere gorputzarekin erreferentziazko 9 bat bezala joka dezakeen bakarra. Choryk aurreko astean sartu zuen golaren ondoren, ezker hegaletik jokatzen jarrai dezake, gehiago Griezmannek euskarri gisa joka dezakeela ikusita. Eskuin hegalean Xabi Prietok joka dezake, Vela oraindik erritmoa hartzen ari baita. Dena den, aurreikuspenak edozein momentutan hauts daitezke, aukera ugari horiei esker.

Ez da samurra taldea sailkapeneko zuloan ikustea. Bigarren jardunaldian ez dago garaipen premiarik, emaitzak iritsiko baitira, baina astindu gogorra jaso ondoren, irabazteko gogoz daude jokalariak. Celtaren aurkako partidak, gainera, oroitzapen onak dakartza. Azkenekoz Bigarren Mailan jokatu zuten elkarren aurka, 2009/2010 denboraldiko 41. jardunaldian. Txuri-urdinek 2-0 irabazi zuten partida hura eta Lehengo Mailara igo ziren. Xabi Prietok, penaltiz, eta Carlos Buenok sartu zituzten golak zale guztien oroitzapenean iltzatuta geratu dira, Zamorak Molinonen sartu zuen hura bezala. Iraganeko oroitzapen horien ildotik, zaleak baretzeko lehen garaipena lortu nahi du Realak. Montanierrek kritika ugari jaso zituen pasa den sasoian, eta, aurtengoak bide beretik jarrai dezake.

Baina, Celta Bartzelona ez den arren, galiziarrek ez dute erraztasunik emango. Lehengo Mailara igo izanaren aparrean daude Vigokoak, eta puntuak pilatzen hasi nahi dute. Malagaren aurka 0-1 galdu zuten, etxean, baina oso joko ona dutela erakutsi zuten, mende hasieran Lotinaren eta Victor Fernandezen eskutik erakutsi zuen maila hori gogoratuta. Bigarren Mailan egiten zuten joko ona eta biziagatik igo ziren, eta Lehen Mailan joko berbera egiten saiatuko direla dirudi.

Jada ez daude Mostovoi, Karpin, Gustavo Lopez eta enparauak, baina oso jokalari interesgarriak dituzte. Lehengo urteko lan taldea mantendu dute, ia jokalaririk saldu gabe. Ordea, fitxaketa interesgarriak egin dituzte. Hasteko, Javi Varas atezaina etorri da. Diego Lopezen fitxaketak ateak itxi dizkio Sevillan, eta atezain titularra izango da. Iaz Yoel Rodriguez gazteak jokatzen zuen, baina utzita joan da Lugora, minutuak pilatzen jarraitzeko. Defentsan, jokalari sendoak dituzte. Cabral eta Tuñez bikotea ez da mediatikoa, ez dira bereziki azkarrak edo abilak, baina badakite zer egin. Eskuin hegalean Hugo Mallo gaztea jaun eta jabe da. Espainian etorkizun handienetakoa duen eskuin hegalekoa da. Jarraitu beharko da bere bilakaera. Erasoan agertzen da, eta ez da guztiz txarra defenditzen. Roberto Lago ere nahiko erasokorra da.

Euskarri gisa Borja Oubiña nabarmentzen d a beste guztien artean. 30 urte bete ditu dagoeneko, eta ez ditu bere gain zeuden aurreikuspenak bete, gehien bat izandako lesio anitzen erruz, baina badu kalitatea, eta gertutik lotu beharreko jokalaria da. Hegalean Enrique De Lucas beteranoak jokatu ohi du, baina Michael Kron-Delhi danimarkarra fitxatu berri dute. Eurokopan nabarmendu zen jokalaria da Kron-Delhi, azkarra, hegaleko jokalari ohia, eskuina, baina ezker hegalean jokatzen du. Deialdi barruan sartu du Herrerak, beraz, lehenengo minutuak izan ditzake Anoetan. Aurrelari bezala, ez dago zalantzarik, Iago Aspasi ez dio inork itzala egiten. Harrobiko gazteak iaz 23 gol sartu zituen. Jokalari ona da, trebea, atzelariak ernegatzen dituen horietakoa, bikaina. Etorkizuna berea da. Bigarren zatietan Mario Bermejok edo David Rodriguezek minutuak izan ohi dituzte. Hala eta guztiz ere, azken baten fitxaketa baten bila dabil Celta. Bendtner daniarra fitxatzen saiatu ziren, baina ez dirudi Vigora iritsiko denik. Dena den, sona handiko beste jokalari batzuen atzetik dabiltza, tartean Park Chu-Yong hego-korearra.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella, Jose Angel, Markel, Elustondo, Illarramendi, Pardo; Griezmann, Chory Castro, Xabi Prieto, Vela, Agirretxe eta Ifran.

Celta: Javi Varas, Sergio; Hugo Mallo, J. Vila, Cabral, Tuñez, R. Lago, Bellvis; Bustos, Insa, Oubiña, Alex Lopez, Augusto F, Kron-Delhi, Joan Tomas, Toni, De Lucas; Iago Aspas, Bermejo.


martes, 29 de mayo de 2012

Real Sociedad B
SANSEK VICTOR FUCHS FRANTZIARRA FITXATU DU

Sansek datorren bi denboraldietarako Girondins de Burdeos B taldeko Victor Fuchs erdilari frantziarra fitxatu du. Jokalariak klub frantziarrarekin bere kontratua bukatu du eta Meho Kodrok zuzenduko duen taldera libre gehituko da. Jokalaria Arcachonen jaio zen orain dela hemeretzi urte, erdilaria da eta 1,74 metro da luze.

Realeko kiroleko zuzendariak kontratua sinatzeko ekitaldian fitxaketari buruz hitz egin du. Lorenek esan duenez, "osagarri bat izango da Sanserentzat, guretzat ezaguna eta fruituak ematen ari den merkatua da frantsesa. Aukera ona da, jokalari interesagarria lortu dugu eta ordaindu gabe" esan du