Ohitura txarrak hartu ditu Realak urteotan. Iaz, Lehenengo Mailarako itzuleran, ez zuen punturik lortu etxetik kanpo bigarren itzuli osoan; orain bi urte, Bigarren Mailan, zortzi puntu besterik ez zituen lortu, garaipen bakarra eta bost berdinketa. Atzera hiru urte egin behar dira emaitza onargarri bat izateko: 22 puntu, Juanma Lilloren gidaritzapean. Aurtengoak ere ez du itxura onik. Philippe Montanierren taldeak ez du punturik eskuratu Anoetatik kanpo, eta gainera itxura kezkagarria erakutsi du irteera gehienetan. Getaferen aurkako partida kenduta, merezimenduz galdu ditu besteak. Horregatik, ohiturak aldatzeko baliatu behar du larunbatean Espanyolen aurka jokatuko duen partida (18:00, C+L).
Zaila izaten da hartutako ohitura txarrak alboratzea. Nahigabe, buruan errotuta geratzen direlako. Espanyolen zelaiak, gainera, ez dirudi lan horietarako aproposena. Iaz 4-1 galdu zuten donostiarrek, eta oro har, etxean talde sendoa da Bartzelonakoa. Dena den, bigarren itzulian hiru partida galdu dituzte. Lan ona egin beharko du Realak, Cornella del Praten hiru puntu eskuratzeko. Aste Santuak egonda, luditzerako erabiliko dute txuri-urdinek norgehiagoka.
Zaleen haserrea baretzeko aproposa izan zen Anoetako azken partida, Rayori 4-0 irabazitakoa. Aspaldi baino partida lasaiagoa izan zuten txuri-urdinek, eta zaleek txaloka agurtu zituzten. Markagailuan lau goleko tartea egon arren, egiari zor, apur bat engainagarria izan zen amaierako emaitza. Rayok ez zuen partida txarra egin. Berri txarrak ere egon ziren, Iñigo Martinezek agur esan baitio denboraldiari. Meniskoa hautsi du Ondarrutarrak, eta bi-hiru hilabete beharko ditu guztiz osatzeko. Hurrengo denboraldiari begira egin beharko dio beraz.
Demidovek hartuko du bere lekua hamaikakoan. Espanyolen aurka Ansotegi izango du ondoan, Mikel Gonzalezek osatu gabe jarraitzen duelako. Minutu gutxi jokatu dituzte bi atzelariek, eta kontuz ibili beharko dute. Reala arazoetan egon daiteke bi zentralak ondo ulertzen ez badira. Berriatuakoarentzat aukera aproposa izango da.
Lesioak direla eta, aldaketak egin behar izan ditu Montanierrek deialdian. Martinez eta Gonzalez bezala, Illarramendi ere deialditik at geratu da, aste osoa arazo fisikoekin egon delako. Hala, Elustondok hamaikakoan jarraituko du. Levanteren aurka taldeko txarrena izan ondoren, oso partida sendoa jokatu zuen Rayoren aurka. Sasoi horretan jarraitzen badu, asko emango dio taldeari. Ondoan Mikel Aranburu eta David Zurutuza izango ditu. Bada beste berritasun bat deialdian, Carlos Martinez itzuli delako. Hilabete luzez min hartuta egon ondoren, bueltan da Lodosakoa, aulkian geratuko den arren. Ifran ere itzuli da deialdira.
Hiru puntuak lortu eta ohitura txarrak kentzeko kontu handiz ibili beharko du Realak. Txuri-urdinen antzeko taldea du Espanyolek. Harrobiko jokalari gazte ugari ditu, eta erasoan oso jokalari arriskutsuak ditu. Atzealdean sendotzeko beharra du, baina. Velak, Griezmannek edo Xabi Prietok min handia egin dezakete atzelarien sorbalda bilatuz gero. Arantza handi bat kitatzea litzateke Cornellan irabaztea.
Espanyol, neguko fitxaketen laguntzarekin
Baina, Espanyolek ez ditu gauzak erraz jarriko. Europako lehian sartua dago nor baina nor. Bederatzigarren postuan dago, Europako Liga bi puntura du, eta Txapeldunen Liga ez oso urrun. Gainera, behetik gora doaz kataluniarrak. Egoera ekonomiko txar baten gatibutasunean, urtero jokalariak saldu eta saldu ari da, baina halere, talde sendoa eraikitzen asmatzen dute. Aurtengoa ez da salbuespena.
Osvaldo aurrelaria eta beste jokalari batzuk saldu ondoren, hala moduz hasi zuen Liga Pochetinnoren taldeak. Baina, jardunaldiak pasa ahala, joko ona eta eraginkorra egin du. Horrez gain, gutxik bezala probestu ditu neguko fitxaketak. Alvaro Vazquez eta aurrealdeko beste jokalari batzuen lesioen ondorioz, salerosketa merkatura jo zuten kataluniarrek. Horrela, Coutinho eta Uche etorri dira, eta diferentzia markatzen hasi dira. Brasildarra utzita etorri da Inter Milandik, eta harribitxi bat dela erakutsi du. Puntaerdi lanetan, jokalari tekniko eta azkarra da. Gola falta zaiola diote adituek, baina ausartu ditu jada. Batzutan luzimendurako jokaldiak egiten ditu, eraginkortasunari begiratu beharrean. Baina hala ez balitz, ez litzateke Espanyolen egongo, Interren titular gisa baizik. Uche, bestetik, inoiz egin ez duena egiten ari da orain. Beti izan da aurrelari ona, baina gol falta izan du. Aurten golak sartzen ari da.
Bi jokalari horiez gain, Javi Marquez, Sergio Garcia eta Verdu dira taldearen birika. Kalitate oneko jokalariak, edozein unetan irauli dezakete partida. Egun ona dutenean, ia geldiezina da Espanyolen joko erauntsia. Erne ere Weissekin, denboraldiko sorpresa. Manchester Cityk utzitako esloveniarra benetan jokalari arriskutsua da. Joanekoan utzi zuen bere kalitatearen distira. Hala ere, erregulartasun ezak kondenatu ditu hainbat partidatan, eta Zaragoza bezalako taldeen aurka aukera ezin hobeak galdu dituzte.
Europako lehian murgilduta, eta zaleen bultzadak hauspotuta, partidaren bila egingo dute hasieratik. Ez da arraroa lehen zatian gol asko sartu izana. Cornella futbol zelai izugarria da, eta jokalariek ondo baino hobeto nabaritzen dute zaleen bulkada. Espanyolek zer egingo duen ikusita, eta Madrid eta Granadako aurrekariak kontuan, txuri-urdinek hobe lukete hasieratik erne ibili eta atzean ez sartzea. Espanyol garaitzeko era aproposena erasoan jokatzea eta zelai erdia itotzea da.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Carlos Martinez, Ansotegi, Demidov, Cadamuro, De la Bella; Prieto, Elustondo, Aranburu, Zurutuza, Pardo, Griezmann; Vela, Agirretxe, Llorente eta Ifran
Espanyol: Rodriguez, Bena, Alvaro, Sergio Garcia, Verdu, Romaric, Uche, Kiko Casilla, Hector Moreno, Javi Lopez, Weiss, Forlin, Victor Sanchez, Pandiani, Didac, Coutinho, Cristian Gomez eta Edgar.